Zaldi baten jabe izatea, pozgarria bezain arduratsua izan daiteke, batez ere haien behar guztiak asetzeko asmorik bada. Zure zaldiari mina eta sufrimentua ekiditeaz gain, oso garrantzitsua da lagunak, bazka egokia eta jokabide naturalak erakusteko askatasuna izatea. Ingelesetik dator 3F-en esaera: Friends, Forage eta Freedom. Faktore hauek beren ongizate fisikoa eta mentala babesteko beharrezkoak dira.
Beraz, zer dira 3 F-ak eta zergatik dira hain garrantzitsuak zure zaldiarentzat?
Askatasunez noraezean ibiltzeko ahalmena (freedom: the ability to roam)
Naturan, zaldiak libre izango lirateke ehunka kilometrotan zehar ibiltzeko. Bizimodu hau imitatu ezin badugu ere, ahalik eta gehien saiatu beharko genuke; zaldia bazkatzen eta besteekin sozializatzen utziz.
Zaldia ukuiluan dagoenean, garrantzitsua da behar adina leku izatea buelta eman ahal izan dezan, etzan eta zutik behar den moduan egoteko. Zalditokiaren barruan mugimendua sustatu daiteke janaria txoko ezberdinetan jarriz edo jostailuak emanez, adibidez. Ukuiluan dauden zaldi guztiek egunero ariketa egin behar dute, zure albaitariak lesio baten ondoren ukuiluko atseden osoa hartzeko gomendatzen ez badu behintzat. Egun osoan zehar ukuiluan egotea ez da epe luzerako ideia ona zaldiarentzat eta ohiko jarduerak burutzeko askatasunik ez badute, estereotipiak ala jokabide anormalak azal daitezke.
Batzuek, zaldia eremu batean lotua uztea erabakitzen dute eta kasu batzuetan erabilgarria izan daiteke, baina, berriz ere, hau ez da zaldiaepe luzean mantentzeko modu egokia, zaldiaren ariketa fisikoa egiteko eta janaria eta aterpea aurkitzeko askatasuna mugatzen baititu. Gainera, sokarekin zaldia zauritzeko arriskua ere badago.
Lagunak - beste zaldi batzuekin adiskidetasuna (Friends – companionship with other horses)
Zaldiak izaki sozialak dira. Naturan, talde handietan biziko ziren. Hori dela eta, ahal duguna egin beharko genuke hori imitatzeko, adiskidetasuna duten zaldiekin elkartuz.
Ukuiluan daudenean, bere lagunengandik gertu egon behar dute, elkar ikusteko eta ukitzeko gaitasunarekin, elkarrekin komunikatzeko eta orrazteko ala miazkatzeko aukera emanez. Zaldia bakarrik mantentzeak bere osasun mentalean eragin negatiboa izan dezake eta ezohiko portaerak sor daitezke. Gainerako animaliek ez dute zertan zaldiak izan, ardiekin ala bestelako abereekin ere loturak sor ditzakete, baina noski, aukerarik onena beste zaldi batzuk lirateke.
Zaldi batek beste zaldi batekin lotura bat sortu badu, oso gaizki pasa dezake bereizten badira, beraz, hori saihestu behar da. Astoak bereziki kaltetuak izan daitezke bidelagun batetik bereizten direnean eta larriki gaixotu daitezke halakorik gertatuz gero.
Talde batean zaldi berriak sartzen direnean, kontu handiz egitea garrantzitsua da ez diezaioten elkarri minik egin. Hori lortzeko, aukera anitz ditugu: zaldi berria besteen ondoan dagoen zelairen batean bazkatzen jarri, atzeko perrak kendu edota sartu-irteerak kontrolatzea, hala nola. Jokabide oldarkorrak ohikoagoak izan daitezke zaldiak janaria, ura edo harreman soziala bezalako baliabideengatik lehiatzen direnean. Beraz, garrantzitsua da guztientzako nahikoa egotea. Eta, jakina, taldea gertutik kontrolatu behar da jokabide desegokiak antzeman ahal izateko.
Bazka: janaria eta ura eskura (Forage – access to food and water)
Bazkak zaldiaren hesteetako osasunerako ezinbestekoa den zuntza eskaintzen du eta ultzera gastrikoak bezalako gaixotasunak izateko arriskua murrizten du. Zaldiaren dietaren gehiengoa osatu behar du eta mazka edo belar-moduko produktuen bidez eman daiteke, hala nola belar pelletetan. Zaldiek gutxi eta maiz jaten dute eta horrela eman behar genieke jaten soroan ezin badute.
Ematen den bazka-kopurua eta mota zaldiaren eskakizunen araberakoa izan behar da. Hau adinaren, ariketa-mailen, gorputz-egoeraren eta aldi bereko gaixotasunen araberakoa izango da. Esaterako, hortz eskasak dituen zaldi bati belar-pelletak busti beharko zaizkio, ezin baitu belarra jaso eta murtxikatu.
Laminitisa izateko joera duten zaldiek eta pottokek belar freskoa murriztea behar dute krisiak saihesteko. Bazka alternatiboak, belar bustia adibidez, beti behar luke eskuragarri. Gehiegizko bazka murrizteko, baina aldi berean jaten jarraitu ahal izateko, muturreko berezi batzuk eskuragarri daude merkatuan, baita zulo txikiak dituzten belar-sareak ere.
Bazka-kalitatea eta eskuragarritasuna urtean zehar aldatzen doa. Urte osoan orekatzaile bat eman behar da zaldiak elikadura osasuntsu baterako beharrezkoak diren mineral eta bitamina guztiak dituela ziurtatzeko. Ematen den bazkak beti kalitate onekoa izan behar du eta ur garbi freskoa izan behar du eskuragarri. Garrantzitsua da belar landare pozoitsuak ekiditea, gaixotasun larriak sor ditzaketelako. Belarra hautsa edo lizunik ez dagoen egiaztatu behar da eta arnas arazoak saihesteko.
Ez ahaztu zaldiak ez direla hausnarkariak eta lastoak ez dituela elikatzen.
Laburtuz:
Gure zaldi modernoak beren arbaso basatiengandik oso gertu daude oraindik, eta hori kontuan hartu behar dugu haien zaintza antolatzerakoan. Zaldi zoriontsua ezinbestekoa da zaldi-giza lotura osasuntsu baterako, eta onurak nabarmenak dia bientzat.
Informazio gehiago
Nahi izanez gero, ingelesezko gida duzue orrialde honetan.
Zure zaldiaren ongizateari buruzko edozein kezka albaitariari galdetu. Zein hobe, bera baino, bere ongizatea bermatzeko?